Hiri berri

Brasilia da hiri berri garrantzitsuena Hego Ameriketan, Brasileko hiriburu izateko sortua. Juscelino Kubitschek presidenteak sustatu zuen eta hasieran Lúcio Costa eta Oscar Niemeyer arkitektoek diseinatu.

Hiri berria (edo herri berria), batzuetan oin berriko hiria/herria[1], aldez aurretik urbanizatu gabeko lurralde batean sortutako hiri bat da, helburu jakin batekin eta hirigintza-plan orokor baten arabera. Garapena, beraz, erabaki administratibo baten mende dago, eta ez biztanleriaren mugimendu naturalaren mende.

Proiektu horiek garapen-metodo berriak ahalbidetzen dituzte[2], askotan une jakin batean hiri idealari buruzko hausnarketek markatzen dituztenak. Erregulartasunez antolatu ohi dira (erretikula, izar itxurakoa, lineala etab.); eta osagai nagusiek (eraikin publikoek, zerbitzuen antolamenduak eta, batzuetan, eraikitzaileei ezarritako muga arkitektonikoek) programa sozial edo intelektual bat adierazten ahal dute. Hiri-bilbean helburu ideologikoak gorpuzten dira, baita erlijiosoak edo mistikoak ere.

Euskal Herrian, badira hiri berri historikoak, batez ere errege-erreginek sortutakoak Erdi Aroan. Horien artean daude Arrasate, Guardia edo Bastida. Gainera, badira Hiriberri eta Herriberri izeneko herrian, batez ere Nafarroan, populazio-berritzeak edo populazio-elkartzeak eragindako faktura berriko herriak izendatzen dituztenak. Horien artean daude Hiriberri (Aezkoa), Hiriberri (Arakil) eta Erriberri.

  1. Oin berriko Arkitektura hiztegia, EHU (noiz kontsultatua: 2024-08-14)
  2. (Frantsesez) Steinberg J (1980). L'aménagement des villes nouvelles. In Annales de géographie, juillet 1980, (478-486 or.). Armand Colin.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in